martes, 14 de mayo de 2013

Arnasari buelta emateko denborarik ere ez

Gaur tartetxo bat hartu dut blogari bultzada txiki bat emateko asmotan. Egia esan, gustora egoten naiz ordenagailuaren aurrean burututako entrenamendu eta lasterketen gogoeta pertsonala eginez baina beti bezela, tartetxo bat hartu eta hastea izaten da zailena.


Hainbat astez gogor entrenatu ostean, iritsi da triatloi denboraldiaren hasiera ofiziala Euskal Herrian. Apirilaren 14an Elche-ko ironman erdian lortutako 9. postuak (maila altuko triatleta profesionalen artean sailkatuz) motibazio extra eman zidan entrenatzeko, izan ere, aurtengo erronketako bat neure burua entrenatzea izanik, lanak nahiko ongi egiten ari nintzela adierazten zuen. Lasterketa gogorra izan zen, igeriketa garbi batekin, bizikleta partzial oso azkarrarekin eta ohikoa den bezela korrikako saio ikusgarri batekin (izan ere, Elche-ko triatloiean, 75 eskailera, malda gogorrak eta hondarretatik ere korri egin behar da!).


Behin maiatzean sartuta, lasterketetan burubelarri sartu gara Euskal Herrian eta leihatzeko hainbeste gogo nuenez, Bermeo eta Senpereko triatloiak egin nituen maiatzaren 4 eta 5ean. Helburu nagusia lasterketa erritmoa hartu eta kalitatezko entrenamenduak egitea zen baino ez nuen baztertzen sailkapenaren aurrekaldean ibiltzea. Dena oso ongi joan zen eta Bermeon 4. postua eta Senperen 3.a lortu nituen. Asteburu ederra izan zen!

Arnasari buelta emateko denborarik gabe, Debako triatloia izan genuen pasa den asteburuan. Bilboko triatloira begira entrenamendu karga jeisten ari nintzen baina Deban Euskadiko sprint distantziako txapelketa izanik, bertan parte hartu nuen. Aipatu nuen aurreko post batean, aurtengo helburuen artean Euskadiko txapelketak izango nituela.


Partehartzaileak aztertuz, sailkapenaren buruan egon behar nuela argi neukan baina bizikletan lan egin beharko nuen igerilariak harrapatu eta atzetik zetozen korrikalariei ahalik eta denbora gehien sartzeko.

Nicholas Kastelein

Igeriketa kaxkarra egin nuen. Itsasoak ere ez zuen bere alderik gozoena erakutsi eta nahiko lan izan genuen. Kastelhein australiarrak egurra eman zigun uretan baina azken asteen modura, bizikletan ongi sentitu nintzen eta aurrera egin nuen lasterketa burua hartu arte Lasturrerako igoeran. Igoeraren azken zatian egin nuen ihes egiteko saiakeraren bat baino taldetik alde egitea lortu arren, ez nuen nahi adina tarte egiten eta bertan behera utzi nuen saiakera korrikako saiorako azken apustua gordeaz.


Boxeetara iristen, asfaltoko zulo baten ondorioz, hankek ihes egin zidaten pedaletatik eta boxeetako marraren gain gainean lurrera joan nintzen dexenteko kolpea hartuz. Nirekin taldea osatzen zutenak aurrera jo zuten eta arnasari buelta emateko denborarik gabe, lurretik altxa, boxeetan zehar sprint gogor bat bota eta korrikako azken saiorako prestatu nitzen. Kastelein australiarrak alde egin zidan (erori ez arren oso zaila izango zen bere erritmoari eustea... aurten ITU-ko munduko kopan australiarrak egindako emaitzak ikusi besterik ez daude  "Kastelein results") eta boxeetatik 4. postuan irten eta gero, nere helburu bakarra 2. postua lortu eta Euskadiko txapelaren bila joatea zen. Horretarako taktika garbi nuen, lehen metrotik gogor jo, ahalik eta azkarren 2. postua hartu eta ahalik eta tarte handiena atera. Bi itzulietatik lehena egin eta gero, gozatu egin nuen lasterketaz. Tarte nahikoa banuen erritmoa erregulatu eta azken metroetan 2. postuaz, Euskadiko txapelaz eta Debako ikusle eta lagunen txalo eta animoez gozatzeko. Benetan lasterketa bikaina! Bai horixe!


Ainhoa Murua txapeldunarekin!

Deba Xtreme trialtoiko podiuma

2 comentarios:

  1. Zorionak Aimar!!!
    Ikusten da aurten zeresan ugari emango dezula.

    ResponderEliminar
  2. ZORIONAK!!! Hori da marka!!!
    Aurreko astean Euskadiko txapeldun eta gaur Bilbon!!!
    Fuerte zabitz.

    ResponderEliminar